XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laborarier Europa hori beti dilindan

Ez da batere berri ona laboriendako, berriz ere elgar ezin aditu baitute europatiar buruzagiek Copenhagako biltzarrean.

Nahiz bihiak eta oliokiak zituzten hor laborariek beren gataskabideak (eta ez esne ta haragikiak, euskaldunak gehiago interesatzen dituztenak) halere laborentza guzia da oraino maingu gelditzen: prezioak ezin finkatuak geldituko dira alabaina urteko lehen ilabete horietan.

Otsailean berriz zerbait aterako delako menturan gauden, orduan berriz elgar ikusiko baitute.

Quota hori

Akitania eskualde honek beheiti du bere esne egitea Frantziako beste gehienek baino gehiago.

Ehuneko 8,3 koa ukan du apaltze hori, Frantzia guzian ehuneko 6 inguru hortakoa izan delarik.

Erretretarat erritiratu diren etxeko xaharrek egin dute beheititze hori.

Esne egile haundienak ez diren eskualdeetan izan dira erretiratze horiek eta hori abantail bat da denen beharra dutenentzat.

Tokiko arno onak

Gauza onen egitea ez da aski.

Behar dira gero saldu eta sostu, lehenik ongi ezagut arazi ondoan.

Lan hortako entsegu on bat egiten du Fermin Arrambide Donibane Garaziko kozinari haundiak: jateko edateko onen egun haundi bat muntatzen du araberako gauza finen jastatzeekin.

Monein Biarnoko herri pollitean, hortarat deituz arno saltzale eta kasetalariak (ez haatik HERRIA baina ez dugu guk komita horien beharrik gure tokiaren maitatzeko).

Hor beharrak dituzte eskaini Irulegiko arno bereziak beste arno biarnes eta bigurdanen artean (Jurançon eta Madiran).

Berri onak holakoak arno on egileentzat.

250 000 axuri

Berrehun ta berrogei ta hamar mila axuri edo bildotx gazte dira gure departamendu hontan urtekal egiten eta baliatzen direnak.

Ez da afera txarra.

Txarren txarrena menturaz hau da oraino: Eguberriz eta Bazkoz duela jendeak bildoskia jaten oroz gainetik.

Horrek du ekartzen bi tenore horietako bildoltxaren prezio goititzea.

Behar dute artzainek hortaz kondu atxiki, nahi ala ez.

Kondu atxiki dute segurki, zenbait urte barne ikasi baitute beren bildotxen bizpahiru ilabete ateratzen: horrek ekarri du familientzat Eguberriz ere bildoskia jatea, lehen Bazkoz zelarik bakarrik ohidura hori.

Uroski ez dute bildoskiaren sarian beren mentura bakarra, orain egiten den esneketari esker.

Ageriko aurten nola joanen diren ardi gasnak eta beren prezioak atxikiko dituzten.

Beharrik hor izanen baitute konkurrentzia hori beren artean gasna egileek, lehen etzutena.

Antzara ahateak

Antzara eta ahateen sasoina haste: gizentuak ari dira Donapaleun bezala urruntxago ere agertzen.

Ez daude zenbait entseatu faltan.

Bidaxun eta Bardoze aldean ere: bardoztar batek (Berhocoirigoin) 300 ahate galkatu zituen 1985 an, duela bi urte.

Aurten 2 700.

Bildu ere dira Bardozen preseski departamenduko kontseilariak beren buruzagiarekin holako entsegu batzuen ikusteko eta kontseilu jeneralak nola lagun ditzazkeen ikusteko.

Ez baitaude haatik besteak ere geldirik: hala nola erresuma haundiak, Xina, Japonia, Tunizia, Venezuela, Madagascar eta guziak ohartuak dira hazkuntza horri.

Artzainak Urdiñarben

Ardi hazkuntzaren departamenduko zentroa Xuberoko herri hortan baita, bada muimendu ainitz ardi hazkuntzakorik hortik abiatzen denik.

Lehenik CAUSO, SICA, HARAGI eta LURBERRIK, AXURIA koperatibarekin xutik ezarri dute SOVIDIAM etxea hazinda haragiaren tratatzeko eta saltzeko, ahalaz urrunerat ere ezagut araziz tokiko axurikia.

Aste hontan da, abendoaren 10 ean, hasten.

Hor berean egin dute ere beren biltzea.

Akitaniako ardi hazkuntzaren kideek, Claude Metayer Frantzia guziko elkartearen buruzagiarekin.

Gracy askaindarra ere, FDSEA ardi esnearen arduraduna hor zen, gauzak Euskal-Herrian zertan diren erraiteko.

Baina beste asko gauzaz ere mintzatu dira konduaren gaineko.

NEKEZARI.